Aspaldiko mendeetatik hedatua izan da Euskal Herria izena, kultura ezaugarri aski jakinak dituen herrialdea adierazteko, politika eta administrazio mugen nahiz ezberdintasun historikoen gainetik erabilia.
Izen hau euskara + herri hitzetatik sortua da, hots, ‘euskararen herria’. Herria hitzak kasu honetan bere antzinako esangura du, lurraren esanahia alegia. Honela herritarrek hitz egiten zuten hizkuntzaren inguruan erroturiko partaidetza-kontzeptua jaioko zen; eta, hortaz, indoeuropar eskematik urrundua, non partaidetza-nozioa lur zehatz batean jaiotzean oinarriturik dagoen.
Euskal forma ohikoa da hitz elkartuetan: aizkora, baina aizkol apustu ‘aizkora-apustua’; gari, baina galburu, etab.
Nahiz eta herri hitzak guztiok dakigun esanahia izan, antzina lurra esan nahi zuen. XVII. mendean Axular idazle nafarrak Alaba-herria forma erabiltzen zuen Arabari deitzeko. Alaba (planus hitz latindarraren euskal moldaera fonetikoa) garai haietako euskaran "laua" esanahia zuen, beraz, Alaba herria-k "lur laua" esan nahi du. Herri hitzaren antzinako esanahitik datorkigu baita herrialde hitza ere zeinak lurralde zatia esan nahi duen.
Hamaseigarren mendeko lehen euskarazko testu zabaletatik, nahiz eta garai haietan zegoeneko euskal herrialdeen artean batasun politikorik ez egon, Frantzia eta Espainiako erresumen artean zatiturik baitzeuden, Pirinioko alde bietan Euskal Herriari buruzko aipamenak aurkitzen ditugu. Honek beren lurrari deitzeko euskaldun guztien artean zabalduta zegoen forma zela frogatzen du.
Euskal Herri osoan orokortua egoteak, forma hau K.o. III. mendeko bigarren erdialdean, hots, Erromatar Inperioaren gainbeheran zabaldu zela adierazten digu. Garai honetan euskal tribuen arteko nahasketa- eta sendotze-prozesu bat hasi zen, euskal hiztun ziren lurraldeen arteko komunikazio handiagoarekin, eta euskal herritarren autonomia politiko indartsuarekin inperioko administrazioarekiko. Euskal biztanleriaren autonomia eta kohesio horiek, Nafarroako baskoien aitzindaritzarekin, handiagotu baino besterik ez dira egingo, 400.etik aurrera, germaniar tribuen (bisigodo eta frankoen) etorrerarekin, gertaera guzti horien elkartzeak, azkenean, euskara komunaren garapena ekarriko zuten.
Euskal Herria terminoaren hedatzea ezin daiteke etorri Iruñea-Naiarako Erresuman edo geroagoko Nafarroako Erresuman gertaturiko euskaldunen batasunetik, zeren bestela Euskal Herria hedatu beharrean, euskaldunon lurrari deitzeko Nabarra hitza zabalduko zatekeen (Nafarroa deitzeko Erdi Aroko euskarazko forma). Iruñea hitza ezin izango zatekeen inoiz zabaldu, erresuma hau IX. mendean jaio zenetik, edozein europar izkributan, bere biztanleei "nafar" eta beren erresumari "Nafarroa" deitzen baitzitzaien; nahiz eta ofizialki lehengo Iruñeko Erresuma deitu, gerora Iruñea-Naiarako Erresuma (X. mendea), eta azkenean, XII. mendean, behin betiko Nafarroako Erresumaren izendapen ofiziala hartu.
Beraz, Euskal Herria forma latinez Vasconia deitua izan zenaren euskarazko era baino besterik ez da. Izendapen hau euskaldunon artean mantenduz, Euskal Herriko Dukerria denboran oso urrundua geratu arren.
Euskal Herriari buruzko lehen aipamena euskara komuna garatu eta mila urte geroago aurkitzen dugu, Larreako Dorrearen jauna zen Juan Perez Lazarragak, 1564 eta 1567 urteen bitartean idatziriko bertso, kanta eta amodiozko olerkietan hain zuzen. Izkribu hauek Arabatik bere lantokia zen Espainiar Gortera egindako bidaietan egin zituen. Eskuizkribu batean, bere eremuan berba egindako mendebaldeko edo bizkaitar euskalkira egokituriko "eusquel erria" forma agertzen da.
"beti çagie laudatu çegaiti doçun eusquel erria aynbat bentajaz dotadu." (f. 18)
"çegayti eusquel errian dira ederr guztioc dotadu". (f. 18v)
Termino hau ere, garai berean, baina Pirinioko beste aldean aurki dezakegu, Lapurdin, 1571.ean Itun berria euskaratu zuen Joanes Leizarraga apaiz higanotaren testuetan. Testu honetan nafar-lapurterara egokitutako forma agertzen da ("heuscal herria") eta bertan euskararen dialektalizazio haundiari buruz ari da; esan dugunez, milakada bat pasatuta zegoen euskara komuna garatu zenetik, eta denboraren poderioz, Euskal Herriko gune bakoitzean gure mintzairak bilakaera ezberdina jasan zuen.
"...bat bederac daqui heuscal herrian quasi etche batetic bercera-ere minçatzeco manerán cer differentiá eta diuersitatea den"
Urdazubin (Nafarroa Garaia) jaiotako Axular idazleak 1643.ean bere "Gero" aszetika-liburuan erabiltzen du. Kasu honetan garai honetako nafar-lapurterazko forma ("euskal herria") eta batuerazkoa berbera da. Irakurleari zuzenduriko hitzaurrean honako hau adierazten du:
"Badaquit halaber ecin heda naitequeyela euscarazco minçatce molde guztietara. Ceren anhitz moldez eta differentqui minçatcen baitira euscal herrian, Naffarroa garayan, Naffarroa beherean, Çuberoan, Lappurdin, Bizcayan, Guipuzcoan, Alaba-herrian eta bertce anhitz leccutan".
"eta bertce anhitz leccutan" honekin Axularrek XVII. mendeko Euskal Herriaren zabalkuntzaz ari da, zeina garai haietan egungoa baino zabalagoa zen, Gaskoniako gune batzuetara (Biarno) eta Aragoiko ipar-mendebaldera hedatuz.
Euskal Herria terminoa aztertuta, euskaldun hitza aztertzen hasiko gara. Berba honek euskal hitzaren jatorri bera du, baina kasu honetan "daukana" esangura duen -dun atzizkia gehitzen zaio. Euskaldun berba hortaz "euskara duena" esan nahi du. Euskal tribuen artean hitz honen behin betiko zabalkuntza ere germaniar inbasioetan emango zen.
Garai berant erromatarrean, euskal populua sortu zenean, euskaldun hitzaren bertsio latindarra vascon edo wascon hitza izango zen.
Egun Euskal Herriko biztanleriaren gehiengoak euskaraz ez dakienez, neologismo berri bat erabiltzen hasi da, euskal herritarra, zeinak euskaldunak eta erdaldunak bateratzen dituen.
Erdaldun hitzak euskaldun hitzaren egitura bera du, baina kasu honetan erdara hitzaz osatua dago zeinak hizkuntz ez euskalduna, atzerritarra esan nahi duen. Hortaz, antzina, erdaldun berbak "atzerritarra"-ren esangura zuen, arestian erran dugun bezala, Euskal Herriko partaide izatearen kontzeptua ez zetorrelako bat Euskal Herrian jaiotzeaz, euskaraz jakiteaz baino. Gaur egun, hegoaldeko edo iparraldeko euskal hiztuna izatearen arabera, gaztelau (hegoaldean), gaskoniar (iparraldean) edota frantses (iparraldean) hiztunei deitzeko erabiltzen da.
Hala ere, euskal herritar terminoak ez du oraindik arrakasta handirik eta euskaldun gehienok, Euskal Herriko partaidetza-nozioa adierazteko, hau erabili beharrean, euskaldun hitza erabiltzen jarraitzen dugu. Hitz hau, euskaraz jakin ez arren, Euskal Herrian jaio den gizabanakoa izendatzeko erabiliz. Gure nortasunarekin zerikusia duten neologismoek, euskaldunongan arrakasta handirik ez dutenen beste adierazgarri, Sabino Aranak asmaturiko Euskadi ("Euskaldunen Lurra") berban dugu. Abertzaletasunaren eta Euzko Alderdi Jeltzalearen sortzaileak, Sabino Aranak, euskal lurra izendatzeko ez zuen Euskal Herria ("Euskararen Lurra") terminoa egoki irizten eta, orduan, Euskadi hitza asmatu zuen. Era honetan euskal usadiotik urrunduz eta indoeuropar partaidetza-kontzeptura hurbilduz.
Euskadi hitzak mendebaldeko euskal herrialdeetan (Euskal Herria formarekin elkarbizitzen) arrakasta izan zuen; baina ez Nafarroa edo Iparraldean, non Euskal Herria terminoa bakarrik erabiltzen zen. Beraz, abertzaletasunaren sektore gehienek, izenen bikoizpena ekiditeko forma tradizionalera itzultzeko hautua egin du. Egun Euskadi Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herrialdeen arteko batasun politikoa izendatzeko erabiltzen da, dakigunez euskaraz ez baitago hau izendatzeko erarik, bakarrik euskal herrialdeak bere osotasunean izendatzeko. Euskadi Euskal Herriaren sinonimoa bezala erabiltzeko ohitura galtzen ari da.
Elkarbanatu orrialde hau!
Euskal Herriko Historia hurrengo orrialdean hasten da