Gutxi gora behera orain dela 2300 urte, Erroma Europan zehar zabaltzen hasi zen, gerora, Erromatar Inperioa bilakatuko zena sortaraziz. Garai honetarako litekeena da euskal familiako hizkuntzak, noizbait existitu baziren, zegoeneko desagertuta egotea, euskara mintzaira-talde honetako ordezkari bakar bezala geratuz.

K.o. I. mendeko hizkuntza-egoera jakiteko aurrera eramandako ikerketek, garai honetan, euskal mintzaira, Pirinioetako alde bietara, Andorraraino, hitz egiten zela zuzentzen dute. Nahiz eta hau aditu gehienek onartutako zabalkuntza izan, beste batzuek, aldiz, harantzago doaz eta Mediterraneoraino euskal toponimiaren aztarnak daudela kontsideratzen dute.

Oraindik argitzeke dagoena penintsulako kantabriar mendikateko hizkuntz egoera da, egungo euskal lurraldeen mendebalderantz. Nahiz eta orain dela gutxira arte inork zalantzatan ez jarri gune honetan bizi ziren tribuak zelta hiztunak zirela eta, hortaz, zeltiberiar tribuak; galiziar, astur-leondar eta ipar-mendebaldeko gaztelaniaren hizkuntz substratuaren ikerkuntzak, euskaldunarekin erlazionaturiko substratu bat agerian jarri du, zeina Antonio Tovar hizkuntzalariak pasa den mendean deskribatu zuen, orain dela 2.500 urte Galiziaraino euskaraz hitz egiten zela adieraziz. Honek, adibidez, asturiarren eta kantabriarren zeltatasuna zalantzatan jartzen zuen; tribu hauek euskaldunak izango ziren, kulturalki oso zeltizatuak, baina euskaraz hitz egiten utzi ez zutenak. Hala ere, hizkuntz ikerketa gehiagoren zain egon beharko gara garai honetako kantabriar mendikatean bizi ziren tribuen ustezko euskaltasuna argitzeko, zeren, hizkuntzalari batzuen aburuz, gerora asturiar eta kantabriar populuak sortu zituzten zeltak finkatzean, baliteke historiaurreko garaietatik gune horietan zegoen euskal substatua bereganatzea, geroago erromanizaziotik sortu ziren mintzaira erromanikoetara transmitituz.

Estrabon geografo grekoak (K.a. 63 - K.o. 24), gaur egun dauzkagun datuen arabera, euskal hiztun bezala kontsideratzen ditugun honako tribuen kokapena adierazi zigun: akitaniarrak, autrigoiak, barduliarrak, baskoiak eta karistiarrak.

Euskal tribuen zabalkuntza erromatarrak heldu zirenean (K.a. 196)Tribu hauek iparralderantz ia Bordeleraino, hegoalderantz Ebro ibairaino, mendebalderantz Kantabriako ekialdeko zati bateraino, eta ekialderantz, berriz, Aragoiko ipar-mendebaldeko zati beteraino zabaldurik zeuden; hala ere, euskal hiztun ziren gizabanakoak, gutxienez K.a III.-II. mendetik aurrera, penintsulako Pirinioetatik Kataluniaren zati beteraino hedatuta zeuden zegoeneko.

Eztabaida haundia dago hizkuntzalarien artean geografo greko-erromatarrek deskribatu zituzten euskal tribu hauek hitz egiten zuten hizkuntzari buruz. Batzuek euskal familiako hizkuntzak mintzatzen zituztela diote, beste batzuek hizkuntza bereko, hots, euskararen dialektoak hitz egiten zituztela. Beste batzuek, berriz, mendebaldeko tribuak (autrigoiak, barduliarrak eta karistiarrak) ez zirela euskal tribuak zeltiberiarrak baizik eta, beraz, zelta hizkuntza baten hiztunak zirela. Eztabaida guzti honen sorburua tribu bakoitzak hitz egiten zuen hizkuntzaren idatzizko daturik ez edukitzean datza. Bakarrik erromatar garaiko euskal jatorriko pertsona- eta jainko-izenak dauzkagu, batez ere, akitaniar gunean latinez idatziriko inskripzioetan.

Araban, Gipuzkoan, Nafarroan, Sorian eta Zaragozako probintzian ere, garai berean, badaude latineraz idatziriko testuak non euskal pertsona- eta jainko-izenak aurki ditzakegun; alabaina, inskripzio hauek Akitaniakoak baino urriagoak dira. Honek Akitanialdea bizkorrago erromanizatu zela erakusten du eta baita latinez idazteko ohitura ere, hegoaldeko Pirinioaldean baino lehenago zabaldu zela. Lurralde hau, bere soro aberatsengatik, Inperioarentzat nekazaritzarako interes haundidun gunea bilakatu zen, latindar inmigrazioa erakarriz; honen ondorio bezala bertoko hizkuntzaren galera azkarra, euskal hiztun ziren beste lurraldeekin alderatuta.

Euskal tribuak izendatzeko darabiltzagun izenek zelta jatorria daukate, kantabriar mendikatea mesetarekin elkar ulertzeko hizkuntza zelta zen, eztabaida gehiago piztuz. Gaur egungo mendebaldeko euskalkien zabalkuntza, greko-erromatar geografoek adierazitako mendebaldeko tribuen kokapenarekin bat dator; beraz, hizkuntzalari batzuei, euskal tribu bakoitzak bere dialektoa bazuela edota are euskal sustraidun hizkuntz ezberdin bat hitz egiten zutela pentsatzera eraman zien.

Beste jatorri eztabaidatuenetarikoa Errioxako zati baten finkatuta zegoen tribu beroniarrena dugu. Historialari batzuek euskal tribu bezala kontsideratzen dute; beste batzuek, aldiz, zeltiberiar tribu bezala (zeltiberiarrak iberiar penintsulan finkatuta zeuden populu zeltak ziren).

Gaskonia eta euskal kantabriar eremuko arkeologi indusketetan egin diren hezur-ikerlanei esker, bere bizilagunak Neolitikoan, arrazari dagokionez, euskal edo mendebaldeko pininiar motatakoak zirela dakigu (Cromagnongo gizonaren tokiko bilakaera); Euskal Herriko hegoaldea (Araba eta Nafarroako hegoaldea) eta beroniar gunea, berriz, oso heterogeneoa zen, bertan europar jatorri ezberdineko gizabanakoak bizi ziren (mediterraniar, alpetar, dinariko... motatakoak), beroniar tribuaren euskal jatorria zailduz. Nahiz eta euskal etniek erromatarrak heldu zirenean, hegoaldeko lurraldeak zegoneko kontrolpean izan, garai honetako inskripzioen azterketek, beroniarren antroponimoek (pertsona-izenek) ere zelta jatorria zutela erakusten dute eta ez euskalduna.

Bakoren mosaikoa, Andelos-ko hiri baskoian aurkituaEuskal tribuen inguruan bizi ziren tribuak, euskaldunak bezala kontsideratzeko akats bat, hurbil zeuden beste tribu batzuekin gertatu dena, adibidez Huescako iakatarrekin.

Gogoratu beharra dago, nahiz eta euskal populazioa Pirinioaldeko zati handi batean zehar zelta eta iberiarrekin elkarrekin bizitzen egon. Euskal tribuek Erromarekin egin zuten itunaren bitartez, zeltiberiar eta iberiarrei konkistaturiko lurrak euskaldunekin birpopulatzen ziren. Aragoiko ipar-mendebaldeko suessetaniarren iberiar tribua, adibidez, literalki mapatik desagertu zen eta gero bere lurraldeak erreferentzia historikoetan baskoienak bezala agertzen dira.

Zegoeneko Erromatar Inperio garaian, mendebaldeko piriniar eta zaragozar hiri eta lurrak, eta baita Errioxa eta ipar-ekialdeko Gaztelakoak ere, euskal tribuenak bezala agertzeak akats hau sortarazi du; eta lurralde hauen zati batzuk, egia esan, erromatar konkista baino lehenago, zeltiberiar eta iberiar tribuenak ziren, eta ez euskaldunenak.

Etsai komunen aurka, euskal tribuen eta Erromaren indarrak batzeko itun hau, euskalduna, erromatar zabalkuntzatik bizirik irten zen penintsulako aurrerromatar kultura bakarra izatearen arrazoi nagusia da. Euskal kulturaren biziraupenaren faktore honi, Mare Externum-a ("Kanpoaldeko Itsasoa"; Ozeano Atlantikoa) Inperioarentzat interes ekonomikoko eremu bezala berandu garatzea gehitu behar zaio, honela euskal gunea beste penintsulako lurraldeetan edota Akitanian (bere nekazaritza-interes handiagatik) eman ziren korronte migratzaileetik at geratu zen.

Toponimiak antzina euskal tribuek okupaturiko lurraldeetako toponimo gehienak euskal jatorrikoak direla adierazten digu. Zelta jatorrikoak, aldiz, oso gutxi dira, hegoalderantz goazen heinean hauen kopurua handituz. Erromatarrak heldu zirenean euskal populazioa ez zen batere homogeneoa eta herrixka zeltak euskal tribuen lurraldeen barnean aurki genitzakeen, hauetariko bi, adibidez: Deba (Gipuzkoako itsasertzean) karistiarren eta barduliarren arteko muga zena edo Ultzama (Nafarroa) baskoi lurraldearen erdialdean.

Latinezko erromatar garaiko toponimoen gaur egunera arteko bilakaerak, zeina bakarrik euskal ezaugarrien bitartez azal daitekeen, eta ez zelten bitartez (Caetaria [gazitze-industria] > Getaria, toponimo hau bai Gipuzkoan [ barduliarrak bizi ziren ] eta baita Lapurdin ere [ akitaniarrak bizi ziren ] aurki dezakeguna; Claudius Villae [ Klaudioren Villa ] > Laudio [ karistiarrak bizi ziren ]; etab. ], gaztelaniak euskal hizkuntza-substratu sakona izateak eta beste ikerlan historikoek, gaur egungo Euskadin erromatar garaian bizi ziren tribuek ez zutela zeltaz berba egiten baizik eta euskaraz; eta, era berean, zelta jatorriko gizabanakoak Bizkaiko mendebaldean, Arabako zati batean eta Lizarraldean (Nafarroan) bizi zirela frogatzen dute. Iberiar hiztunak, bestalde, erdi eta ekialdeko Nafarroan finkaturik zeuden. Akitanian, agian, galiera, Garonan zehar Pirinioraino eta egungo Gaskoniako gunerik babesgabeenetara ere helduko zen. Ebidentzia guzti hauek autrigoi, karistiar eta barduliar tribuen jatorri zelta baliogabetzen dute. Une honetara heltzen garenean zalantzak sortzen hasten dira.

Euskadin dauden erromatar garaiko toponimo latindarrak ezin ditzakegu azal ez badugu euskal fonetika kontuan hartzen; hortaz, berriz ere, autrigoi, karistiar eta barduliarren zelta jatorria baliogaturik gelditzen da. Puntu honetara heltzean zalantzak sortzen hasten dira.

Euskal tribuek hizkuntza beraz hitz egiten zuten? Mintzaira bereko dialektoez berba egiten zuten? Nola liteke mendebaldeko eta ekialdeko euskaldunak mendeetan zehar isolaturik bizi izanda gero, gramatika bera izatea non bakarrik hitz eta adizki batzuk aldatzen diren. Eta are gehiago kontuan izanda, aditzen jokabidean erromanizazioak eragin haundia izan zuela.

 

Euskal toponimiaren aztarnak penintsulako Pirinioetako erdialdean

 

Dialektologiari esker argi ikusten da gaur egun mendebaldeko euskalki bakoitzak daukan zabalkuntza, erromatar garaian egin zen tribuen mugaketarekin, zehatz-mehatz, bat egiten duela. Deba ibairaino (Gipuzkoa) karistiar tribua zabaltzen zen eta, orain, horraino, bizkaieraz berba egiten da. Deba ibaitik ekialderantz, barduliar tribua zegoen eta, orain, lurralde hauetan, gipuzkeraz hizketan egiten da. Irun Gipuzkoan dago baina ez dira gipuzkeraz mintzatzen; nafar, nafar-lapurtar eta gipuzkoar euskalkien nahaste batez mintzatzen dira, toki honetan euskalki hauek elkartzen baitira. Erromatarren arabera Irungo lurrak (Oiasso erromatarra) ez ziren barduliar tribuarenak baskoiarenak baizik.Nola liteke, orduan, erromanizazioak, bat-batean, gaur egungo euskalki guztien aditz jokabidean era berean eragintzea? Nola liteke Euskal Herri osoan aditz guztiak ia era berean jokatzea tribu batek besteak asimilatu ez balitu, kontuan izanda, baita ere, euskaldunak elkarren artean oso isolatuta bizi izan direla? Nola liteke erromatar garaian euskal tribu ezberdinez hitz egitea, eta kronikoi merovinjio eta karolinjioetan, bat batean, baskoi berba erabiltzea euskaldun guztiak izendatzeko?

 

 

 

Elkarbanatu orrialde hau!

 

 

 

 

Euskararen Historiak hurrengo orrialdean darrai >> Euskara komuna