Lehenik euskarari min gehien egin diona, azken mendeetan, euskal biztanleria bat egin duen eta euskara hizkuntz ofizialtzat duen entitate politikorik ez dela existitu. Historikoki bi batasun politiko egon baitira bakarrik, eta hauek Erdi Aroan eman ziren. Zoritxarrez, euskara, ez zen inoiz erabili agiri ofizialak idazteko.

Hauetariko lehena VII. mendetik aurrera eman zen, Euskal Herriko Dukerria, garai honetan merovingiar kronikariek, lehendabiziko aldiz, euskaldunen gobernariei buruz hitz egiten digute, kronikoi hauetan Vasconum Dux (euskal dukea) bezala izendatzen zituztelarik. Hala ere, Pirinioko alde bietako euskaldunen arteko batasun politiko hau, Erromatar Inperioaren gainbeheran, hots, K.o. III. mendeko bigarren erdialdean sendotzen hasi zen. Batasun politiko hau, 400.etik aurrera, germaniar inbasioekin berretsiko zen, garai honetako euskaldunak, Nafarroako baskoien gidaritzaz, germaniar basatiak kontsideratzen zituztenen aurka, erromatar bizimodu eta instituzioak defendatzeko batu zirenean.

Euskal-akitaniar itunaren goren unea. Europar mendebaldea K.o. 711.ean, iberiar penintsularen arabiar inbasioa gertatu baino lehenagoFrankoen (iparralderantz) eta bisigodoen (hegoalderantz) aurka egiteko, euskaldunak akitaniar romaniekin (8) aliatuko dira, hiru mendetan zehar etengabeko gerra egoeran biziz. Euskaldunen antolakuntza eta prestakuntza militar ezin hobeak, Pirinioaldea germaniarrek guztiz menperatu ez zuten mendebaldeko Europako gune bakarra izatea ekarri zuen. Garai honi buruz dakigun ia guztia kronikoi frankoei zor diogu.

(8) Akitaniar romani-ak: Akitaniako latindar hiztunak ziren. Novempopulaniar guneko euskal hiztunak, K.o. VI. mendetik aurrera baskoiek asimilatu zituzten. Euskal-akitaniar itun honek, Euskal Herri eta Akitaniako dukerriak dux bakar batez gobernatuak izatea ekarriko zuen, dux hau euskal edo akitaniar jatorrikoa izan zitekeelarik.

Garai honetan euskaldun guztiontzako euskara komuna garatu zen, Pirinioko alde bietan gaur egungo Euskal Herria eta euskaldun formak zabalduz. Formok latinerazko Vasconia eta vascon hitzak euskaraz izendatzeko erak baino besterik ez dira.

IX. mende hasieran, Euskal Herria, ahituta, bere iparraldea eta hego-ekialdea karolinjiar frankoek menderatuta zuten; hego-mendebaldea, erresuma bisigotikoko oinordekoak ziren asturiarrek; eta hegoaldea, aldiz, arabiarrek. Hala eta guztiz ere, iruindarrek, mende honetan bertan, frankoek zuten nafar mendialdearen kontrol gutxiaz baliatuz eta Ebroko erriberako euskal-musulmanekin (Banu-Qasiekin) zuten elkar ulertze onari esker, jaurerri bat jaioko zen, geroago erresuma bilakatuko zena, baskoien hiriburu historikoan, Iruñean. Europar mendebaldea 1034.ean, Antso "Nagusia" Nafarroakoaren goren unean. Klik egin irudi gainean handiturik ikus dezazun

Erresuma honek, pixkanaka, Euskal Herriko Dukerria ordezkatuko zuen, eta XI. mendean europar erresumarik garrantzitsuenetarikoa bilakatuko zen, Islamaren zabalkuntza ekiditzeko, mendebaldeko Europako hesirik garrantzitsuena bihurtuz.

Bigarren batasun politikoa, hortaz, Iruñeko Erresumaren bitartez eman zen, garai honetan Iruñea-Naiarako Erresuma deitua, XI. mendean hain zuzen, Antso Gartzeitz III.a Nagusiaren erregetzan. Erresuma honek euskal hiztun guztiak bateratu zituen, garai haietan Kantabria erditik Kataluniaraino eta, iparralderantz, Gaskonia erdiraino zabaltzen zirenak. Euskara mendeko gehienen hizkuntza izan arren (Pirinioaldean latindar hiztunak oso gutxi ziren), euskal mintzaira ez zen administratiboki erabili. Iruñeko Erresuman (IX. mendea), Iruñea-Naiarakoan (X-XI. mendeak) eta gerora Nafarroako Erresuman (XII. mendetik aurrera hartu zuen izena) testuak idazteko lehenik latinera erabili zen, gero aragoiar hizkuntza, gerora gaztelaua eta, azkenean, erresuma bezala desagertu baino urte batzuk lehenago, gaskoia.

 

 

 

Elkarbanatu orrialde hau!

 

 

 

 

Euskararen Historia, hurrengoan >> Euskararen murrizketa geografikoaren zergatiak II