Antso Gartzeitz III.a Nagusiaren agintepean, Iruñea-Naiarako Erresumak, Euskal Herriko Dukerriaren gainbeheratik, politikoki loturarik gabe geratu ziren lurralde euskaldunen bateratzea burutuko zuen.

Bateratze-prozesu honen oinarria X. mendean sendotzen joan zen, non, adibidez, egungo Euskadi, Gaztela eta Gaskoniako buruzagiak, Iruindar erret familiarekin zuzenki ahaidetuak zeuden. Antso Nagusiaren hasierako eremua garai haietan euskal hiztun ziren lurraldeak izan arren (Kantabriako alde batetik Pallars-eko lurralde kataluniarraraino, Gaztelako ipar-ekialdea, Errioxa eta Gaskoniako hego-erdia eremu honen barnean zeudelarik), Kordobako Kaliferriaren erorketaz geroztik sorturiko taifa-erresumen ahultasunaz baliatuz, penintsulako kristau erresuma guztietan nafar aginpidea irmotu zuen.

Iruñea-Naiarako erresuma, bere hedadura handienean, 1034.ean, Galiziatik Piriniar gunean zehar Kataluniako zati baterantz (Pallars) zabaltzen zen; iparralderantz, Gaskonia bere barne zegoen eta, ekialderantz, Bartzelonako Konderria nafar basailua zen. Era honetan, Iruñea-Naiarako Erresumaren barnean, euskaldun guztien batasun politikoa lortu zen -hegoalderantz, Ebroko erriberako lurraldeetan bizi ziren euskaldun gutxiengoak ezik- eta bere menpean, artean, konderriak ziren Gaztela eta Aragoi zeuden, zeintzuetan, garai haietan, bere biztanleriaren zati haundi bat euskal hiztuna izaten jarraitzen zuen.

Antso Gartzeitz III.a Nagusiak Iruñea-Naiarako Erresuma Europako erresumen artean garrantzitsuenetarikotzat hartzea lortu zuen. Garaiko europar kroniketan Wasconum Gens, Wasconum Nationem-go erregea bezala ("euskal tribuko erregea", "euskal populuko erregea") edo omeiatarren arabiar kroniketan Euskaldunen Jauna bezala izendatua izan zelarik (Ibn Hayan historialari omeiatarrak "Antso, Gartzearen semea, Euskaldunen Jauna" bezala definitu zuen). Kontuan izan behar dugu, nahiz eta iruindar erresumaren barnean asturleondar, gaztelar, aragoiar eta gaskoi erromantzeetako hiztunak egon, erresumako gizartearen mamia euskaldunez osatua zegoela. Ripoll-eko Oliba abadeak ere Artaxonako gaztelua neguan (Nafarroa)Rex Ibericus bezala izendatu zuen ("Errege Iberiarra", garai haietan, okerki, euskaldunak iberiarren ondorengotzat hartzen baitziren).

Monarka honek, penintsula mendez isolatuta egon eta gero, Europara eta modernitatera ireki zuen, Cluny-ko orden berriztatzaileari penintsulara sartzeko bidea irekiz. Bere zabalkuntzetan, eta harreman politikoetan, joera gehiago izan zuen Europarantz eta, etxeko kontuetan, euskal hiztun ziren lurraldeetarantz, hots, Gaskonia, egungo Euskadi, Gaztela, Aragoi eta ipar-mendebaldeko Kataluniarantz.

Antso Nagusia erresumako hiriburuaren, hau da, Naiararen bultzatzaile handiena izan zen. Hiri honi eman zizkion foruak, gerora, euskal herrialdeek, eta baita Gaztelak eta Aragoik ere, izango zituzten foru-sistemen eredurako balio izan zuten. Foru hauek usadio eta lege euskaldunetan oinarriturik zeuden, beraz, germaniar jatorriko legedi bisigodoetik aldenduz. Errege honek ere Done Jakue bidea bateratu eta sustatu zuen Naiaratik igaroaraziz.

Muniarekin, Gaztelako kondearen alabarekin, ezkondu zen 1010.ean, honek nafar-gaztelar mugak ezartzeko akordio onuragarri batera heltzeko lagundu zion (1016).

Piriniar kristau mugari dagokionez, Aragoi eta Sobrarbeko konderriak berreskuratu beharra izan zuen, ia galdurik zeudenak Almanzor (999) eta Abd al-Malik-en (1006) erasoaldiez geroztik, orobat, Erribagortzako konderrian legitimitate dinastikoa berrezarri.

1016. eta 1018. urteen bitartean Aragoi eta Sobrarbe konkistatu zituen, eta bere agindupeko lurrak islamiarturiko Zinkako erriberarekin (Boltaña hiriburu zuela), Aierbeko haranaren alde batekin eta Nozitoko bailararekin zabaldu zituen. Badirudi, baita, 1006.ean ere, Abd al-Malik-en erasoaldiak pairatu zituzten Esera eta Isabenako haranak askatu zituela.

Erribagortzako Konderria, ez zen legez iruindar erresumaren barnean egon 1025.era arte. Urte honetan Tota kondesa krisialdi dinastiko eta politiko larrian zegoen, krisialdi hau gehiago larrituz Pallars-eko Erramun III.ak, bere lurraldeak zabaltzeko asmotan, Erribagortza berea egitea nahi izan zuenean. Larrialdi honetatik irteteko Tota kondesak bere eskubideei uko egin eta bere iloba, Munia erreginari, hots, Antso III.aren emazteari, bere lurraldeen agintea eman zion; era honetan, lurralde hauek iruindar koroara igaroz.

Honela, Iruñea-Naiarako erregeak, Sobrarbe eta Erribagortzako konderriak anexionatu zituen, dinastia-eskubideak alegatuz, Bartzelonako kondearen asmoen aurka, konderri hauen barne-gatazketan parte hartzeko. Bartzelonako kondea ere Antso Nagusiaren basailu bihurtuko zen, bere amaren aurkako gatazkan, nafar erregeak eman zion laguntzaren truke (1023. urte inguruan).

Monacato-a (botere ekonomikodun erlijio erakunde tradizionala) berrezarriz suntsitutako aragoiar konderriaren indartzeari hasiera eman zion. Politika eta gerra alorrean, Aragoi eta Sobrarben «seniorado»-a (bere ordezkoak gazteluen jabe jartzea) instituzionalizatu zuen; eta Ejea, Aierbe, Bolea, Oska, Alkezar, Nabal, Barbastro, Graus eta Europar mendebaldea 1034.ean, Antso Nagusia Nafarroakoaren goren unean. Klik egin irudi gainean mapa handiturik ikus dezazunBenabarriko gotorleku musulmanen aurrean, hegoaldeko muga Uncastillotik -mendebaldeko muturrean- Perarruaraino -ekialdeko muturrean- gotortu zuen.

1023.ean, Gaskoniako kondeari Toulouse-eko Konderriaren aurka emandako laguntzak, Iruñea-Naiarako erregeari Gaskoniako basailutza, halaber, Piriniotik bestaldera zeuden lurraldeak antolatzeko ahalmena eman zion. Era honetan, Lapurdi, Arberoa, Garazi, Ortzaize eta Baigorriko lurraldeak batu zituen, Baiona hiriburu bezala zuen Lapurdiko Bizkonderria sortuz. Bizkonderri hau bere lehengusuri, Otsoa Antsori, xedatu zion. Lapurdi, garai haietan, gaur egungo Lapurdiko herrialdeaz eta Nafarroa Behereako hego-mendebaldeko erdialdeaz osatuta zegoen (Amikuze-Oztibarre eta Agaramonteko jaurerriak ezik). Sistema feudalaren barnean eman ohi ziren ekintzok, euskaldunon batasun politikorako sekulako ondorio latzak ekarriko zituen.

1026.eko agiri baten, non Antso Nagusiak San Juan de la Peñako Monastegiari Lecheringo (Huescako Pirinioak, Aragoi) hobaria ematen zion, honakoa adierazten da:

«regnante me rege Sancio in Aragona et in Paliares, in Pampilona, in Alaba et in Castella»

«Ni, Antso, Aragoin, Pallarsen (Lleidako probintziako mendebaldean dauden lurraldeak, Arango bailaratik hegoalderantz, non, garai honetan, artean, euskaraz hitz egiten jarraitzen zen), Iruñean, Araban eta Gaztelan (artean, nafarrek okupatu gabe egon arren, gaztelar lurraldean Antsoren nahia betetzen zen) erreinatzen nagoelarik»

1032.ean Antso Gilen, Gaskoniako kondea, hil egiten da ondorengorik gabe, honela, Gaskoniako gobernua, bere ilobari, Antso Nagusiari, egokituko zitzaion.

Iruñea-Naiarako erregeak gaztelar konde-familiarekin zuen ahaidetasunak, lurralde hartan esku hartzeko aukera eman zion, nobleen eta Leongo erregearen esku sartzearen aurka bere koinatuaren (Gartzea konde-haurra) aginpideari sostengua emanez. Leongo erregearekin zuen harremana baketzeko, eta Gaztelan oztoporik gabe eragiteko, Antsok, bere arreba, Urraka, Leongo erregearekin ezkondu zuen. Gartzea kondea Leonera egindako bidaia batean erahil zutenean (1029), Antsok Gaztela okupatu zuen, bere emaztearen ondorengo-eskubideak alegatuz, nahiz eta konderri hori gobernatzeko, bera baino eskubide gehiago zuten gizon-oinordekoak existitu. Honek, Gaztelaren anexioa ere nahi zuen Leongo erregearekin gerra piztu zuen. Gerraren zoriak Iruñea-Naiarakoari lagundu zion, Leon, Zamora eta Astorga okupatuz (1034).

Arrano Beltza (goialdean). Penintsulako lehen kristau txanponaren aurrealdea eta atzealdea (behealdean)Leongo Erresuma iruindar koroara anexionatzean (1034. urtea) Imperator ("Enperadore") titulua hartu zuen. Une honetakoak dira iberiar penintsulako kristau erresuma baten egindako lehen txanponak (19).

(19) Arrano Beltza eta Naiarako lehen kristau txanpon-etxea: irudian penintsulako lehen kristau txanpona ikus dezakegu, erret irudia darama eta "Imperator" titulua aurrealdean.

Atzealdean, historian lehen aldiz, toponimo bat agertzen da euskaraz esaten den bezala, zeren ordura arte toponimoon latindar edo zelta erak erabili baitziren. Txanponan Naiara toponimo errioxarra agertzen da (gaztelania zaharrez Nagera idazten zen, arabiar Naxera-tik zetorrena) erresumako hiriburua izanik, txanpona egin zen tokia izan baitzen. Atzealdean ere Sobrarbeko eta Naiarako zuhaitzak agertzen dira, halaber kristau gurutzea zuhaitz bien gainean, erresuma osoan nagusi zen kristautasuna irudikatuz (kristaua erlijio ofiziala izan arren, euskaldun biztanleriaren gehiengoa antzinako euskal erlijioko fededuna izaten jarraitzen zuen).

Zuhaitza, oso garrantzitsua euskal ohituretan, kasu honetan, geografi marka bezala balio zuen, Iruñea-Naiarako Erresuma Sobrarbetik (bere muga Arango Bailaran zegoen, Kataluniako ipar-mendebaldeko muturrean) Naiararaino (Errioxa) heltzen zela adieraziz. Interesgarria da -eta Antso Nagusiak Europako populuekin ezarri zituen harremanen adierazgarri- txanpon hauen eragina Knut monarka daniarrak egindakoekin, garaiko europar politikan errege honek izandako garrantzia frogatzen duena, bere erresuma Islamaren aurkako harresi bihurtu baitzuen.

Txanponaren gainean, Jose de Moret Mendi-ren arabera (XVII. mendeko jesuita eta historialari irundarra), bere "Annales del Reyno de Navarra"-n, Antso VII.a "Azkarra" (1194-1234)-ra arte nafar erregeen ikur pertsonala izan zena ikus Naiarako Andre Maria Erregina monastegiko klaustroa (Errioxa, Espainia)daiteke, Arrano Beltza. Eztabaida haundia dago ikur honen erabileraren iraupenari buruz, hau Antso VII.aren erregatzaren idatzizko aipamenetan edo erret-harmarrian aurki baikenezake bakarrik.

Antzeko beste ikur batzuekiko ezberdintasuna bere jarreran datza, izaera ez-erasotzaileduna, zeren ez du aurrerantz begiratzen, bere burua alde batera biratua baitauka (beti alde bererantz begiratzen ez dagoena). Txori irekia da, daukan guztia erakusten du. Bere hegoak zabaltzen ditu eta baita bere atzaparrarrak ere irekiak ditu, ez-erasotze seinale bezala.

Antso Nagusia kristau erresumentzat erreferente bat bihurtu zen eta, zehazki, geroagoko gaztelar monarkiarentzat, zeinak errege hau Rex Hispanicus (hispaniar erregea) bezala definitu zuen. Monarkia honek nafar erregearen testigua hartu nahi izan zuen, bere zetroaren azpian, penintsulako kristau erresumen batasuna berpizteko. Hala gertatuko zen, mende batzuk geroago, XVI. mendean hain zuzen, Espainiako Erresumaren sorrerarekin, gaztelar espantsionismoaren adierazpen maximoa.

 

 

 

Elkarbanatu orrialde hau!

 

 

 

 

Euskal Herriko Historiak hurrengo orrialdean darrai >> Iruñea-Naiarako Erresumaren zatiketa